Erosi, baina bermez
2013-03-13 miscellaneous Publikazioak
Baliabide gutxiko negozio hasiberrien edo startup delakoen sorrera esponentzialki hazten ari da azken aldian, krisia izan daiteke horren arrazoia, eta bereziki online denden inguruan ugaritzen ari dira.
Internet bidezko erosketen karietara mugitzen den diru kopurua ikaragarria da eta, herrialde askotan dagoeneko online kontsumitzea ohitura errotua den arren, gurean oraindik askok mesfidantzaz begiratzen diote. Aldatzeko garaia da, Sarearen bidez egindako erosketak oso seguruak izan baitaitezke zenbait neurri hartuz gero.
Hasteko, gure ordenagailua segurua izatea ezinbestekoa da, eta hau lortzea ez da batere zaila. Linux darabiltenek ez dute arazo handirik izango; sistema eragilea erabat eguneratuta edukitzearekin nahikoa baita. Mac OS sisteman birusak egon badaude, baina momentuz, sistema eragile hau Linux-en parera jarri daiteke hartu beharreko segurtasun neurriei dagokionez. Windows erabiltzaileentzat, ordea, gomendagarria da antivirus bat instalatu eta aldiro-aldiro eguneratzea, gainera badira doako batzuk.
Eguneraketekin jarraituz, oso garrantzitsua da web nabigatzailearen azken bertsioarekin aritzea beti. Chrome eta Firefox nabigatzaileak beren kabuz eguneratzen dira eta, beraz, arazorik ez zentzu horretan. Internet Explorer, aldiz, ez da batere egokia eta, dudarik gabe, segurtasun arazo gehien ematen dituena da.
Bestalde, erosketa orok galdatzen duen diru transferentzia egiteko bi modu ezagutzen ditugu nagusiki: gure txartelari dagozkion datuak sartuta egitea, edo PayPal kontu baten bidezkoa. Bigarren aukera honi esker saihestu dezakegu hornitzaileei gure banku-datuak eman behar izatea, banketxearen eta dendaren arteko bitartekaritza papera jokatzen duelako PayPalek. Mota honetako kontu bat zabaltzea doan da eta azkar konfiguratzen da; gainera, gaur egun online denda gehienek onartzen dute horrela funtzionatzea. Azkenik, datu transferentzia modu seguruan egin dadin, lagungarria da HTTPS protokoloa delakoa jarraitzea: Hypertext Transfer Protocol Secure.
Segurtasun zeinua izan ohi da, baita ere, erosketa egiten ari garela, nabigatzaileko helbidearen barran https://onlinedendarenhelbidea ikusi edo irakurri ahal izatea. Ez bada hala, ez fidatu.
Eta azkenik, begibistakoa dirudien arren, oso gogoan eduki behar dugun beste aspektu bat zera da: neurri eraginkorrena denda fidagarriak aukeratzea dela, nahiz eta beti ez den erraza izaten. Zerbitzu ona eta azkarra eskaini behar du eta, adibidez, erositakoa hiru egunen buruan etxean edukiko dugula esaten badigute, bete dezatela. Baina, nola identifikatu ditzakegu denda serioak eta konpromisozkoak? Modu bakarra foroetan barrena nabigatzea da eta beste jendearen esperientzietatik eta iritzietatik ikastea. Ebay atariak, esate baterako, erosleei saltzaileak puntuatzeko aukera ematen die, informazio hori guztiontzat baliagarria delakoan.
Ustiatu ditzagun Sareak ematen dizkigun aukerak, bada ezpadako neurri batzuk hartuta, baina beldurrik gabe.
Publikazioa:Â http://www.gaztezulo.com/artikuluak/erosi-baina-bermez
Iruzkinak