Dirua ere digitalizatu da
2013-09-27 miscellaneous
2009 urteaz geroztik martxan da Bitcoin, Sareko moneta digitala. Inongo herrialde eta estaturekin loturarik ez duenez, mundu zabalean erabil daiteke eta trukeak pertsona artekoak izaten dira, bitartekaririk gabekoak.
Bitcoin txanpon digitalaren sortzaileaz ezizena bakarrik ezagutzen dugu:Â Satoshi Nakamoto. Orain dela lau urte sareratu zuenetik, munduko edozein bazterretan erabil daiteke moneta hau zerbitzuak eta ondasunak eskuratzeko inongo estatu edo instituzio ekonomikoren kontrol edo bitartekaritzarik gabe. Diru transferentziak zerbitzari informatiko ezberdinetan oinarrituta egiten dira, beti ere P2P protokoloari jarraiki, eta ezin dira baliogabetu.
Bitcoin-ak badu beste berezitasun bat, izan ere, erabiltzaileak ez du bere burua identifikatu beharrik baina, aldi berean, daukan diru guztia bere-berea da eta inork ez dauka beste inoren kontua edo bitcoin kartera blokeatzeko ahalmenik. Hortaz, zentzu horretan, poltsikoan eramaten dugun diru fisikoaren antzekoa da.
Azken urte hauetan edukitzen ari den arrakasta erabilerraztasunari zor dio neurri handi batean, txanpon honekin ordaintzea ez baita e-mail bat bidaltzea baino zailagoa. Egin   beharreko lehenengo gauza helbide bat sortzea da, eta horretarako Bitcoin aplikazioa behar dugu. Nahi adina helbide eduki ditzakegu eta bakoitza bi zatitan banatzen da: publikoa batetik, eta pribatua bestetik. Baten bati ordainketa bat egin nahi izanez gero, bere helbide publikoa beharko dugu transferentzia egin ahal izateko.
Adibide gisa: 1Hg7wA7JMuMtpXbPMLi6XXh1XwrKK4fwUC helbide publiko bat da, eta 5J1D73SKtkgjtBGUKPL6EAS DbGCKJ226prTAPmnhkyByvpU5deC horri dagokion helbide pribatua. Jakina, ezinezkoa da helbide hauek gogoratzea eta, horregatik, QR kodea eskuragarri izaten da.
Bitcoin monetak eskuratzeko, bestalde, bi modu daude. Batetik, zerbitzu edo produkturen bat eskaini dezakezu txanpon hauen truke bitmit.net webgunean, ebay-ren antzekoa: etxean daukazun eta erabiltzen ez duzun zerbait alda dezakezu bitcoin batzuen truke. Bigarren aukera euroak, dolarrak edo bestelako monetak aldatzea da. Horretarako, Sareko merkaturen batean sartu behar duzu eta truke onenak arakatu, bitcoinen prezioa aldatu egiten delako hauetako webgune batetik bestera, nahiz eta aldea ez den oso handia izaten. Merkatu sonatuenetako batzuk mtgox.com eta bitstamp.net dira.
Baliteke hasieran zaila izatea diru digitalaren funtzionamendua ulertzea, eta horregatik da gomendagarria erabiltzen hasi aurretik foro edo web berezituetan behar adina informazio eskuratzea. Bestalde, badago aukera bitcoin gutxi batzuk eskuratzeko: dailybitcoins.org, coinad.com eta netlookup.se atariek zentimo batzuk oparitzen dituzte. Aukera polita izan daiteke lehen hurbilketa egiteko!
Publikazioa:Â http://www.gaztezulo.com/artikuluak/dirua-ere-digitalizatu-da
Iruzkinak